REAL SOCIEDAD 4-3 GETAFE CF

Golaren berotasunean

Realari sufritzea egokitu zaio arratsalde honetan Getafe mendean hartzeko. Txuri-urdinak, hamaikakoan aldaketak eginez, buru-belarri ibili behar izan dira, bero handiko egun batean, talde madrildarrak atsedenaldian bere alde zuen markagailua iraultzeko. Kubo, Oyarzabal (bi aldiz) eta Braisen golek garaipena eman diote partida ez oso distiratsu batean.

Realak oso ondo hasi du partida. Hiru laurdeneko eremuan egindako baloi lapurreta bati esker, Kubok, Braisen zerbitzu on baten ondoren, txuri-urdinak aurreratu ditu, Soria zutoin luzearen bidez gaindituz. Zaila zena eginda zegoen, madrildarren ohiko harresia eraistea, baina jokaldi isolatu batean, Aleñak banakoa jarri du markagailuan, bigarren zutoinean egindako burukada batekin. Luzapenean, penaltiz, Mayoralek markagailua irauli du. Ia konturatu gabe, Reala azpitik ikusi da.

Realak partidaren erritmoa aldatu behar zuen eta hala egin du. Braisi egindako penaltia Oyarzabalek sartu du berdinketa jartzeko. Eta Damianek bi eta hirukoa egiteko aukera izan duen arren, Brais izan da, kanpokoen atezainaren irteera oker bat aprobetxatuz, buruz hiru eta bikoa sartu duena Imanolen mutilei abantaila itzultzeko. Une horretatik aurrera premisa argia zen: kanpokoei aukera gehiago ez ematea eta jokoa gelditzea. Realak ondo egin du eta hiru puntu berri ziurtatu ditu, laugarren bat Oyarzabalen bitartez. Partida erabakita zegoela zirudien, baina, luzapenean, Latasak hirugarrena egin du Bordalasen mutilentzat.

Realak bide onean jarraitzen du, eta gaur, presaren batekin bada ere, garaipena lortu du berriro etxean. Gehiagoren bila. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Traoré, Zubeldia (Pacheco, min.83), Le Normand, Aihen, Turrientes (Zubimendi, min.58), González de Zárate (Merino, min.58), Brais Méndez, Barrene (Cho, min.69), Take eta Sadiq (Oyarzabal, min.58).

Getafe CF: David Soria, Damián, Mitrovic, Alderete, Rico, Djené (kap)(Greenwood, min.68?, Maksimovic, Carmona (Arambarri, min.68), Aleñá (Lozano, min.78), Mata (Óscar, min.78) eta Mayoral (Latasa, min.46).

Golak: 1-0 Take, min.2. 1-1: Aleñá, min.39. 1-2: Mayoral (pen.), min.45+5. 2-2: Oyarzabal (pen.), min.61. 3-2: Brais Méndez, min.66. 4-2: Oyarzabal, min.88. 4-3: Latasa, min.92.

Epailea: Pulido Santana. Txartel horia erakutsi die etxeko Brais Méndez, Aihen eta Remirori eta kanpoko Rico eta Damiani.

Asistentzia: 29568 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!