Arraroa izan da, baina puntuak berdin dira zaporetsuak. Realak bat eta bi irabazi du Ipuruan, eta goiko postuetan mantentzen da. Txuri-urdinek partida ‘profesionala’ jokatu dute eta, Oyarzabal eta Willian Joseren golekin, Eibarren garaipena eskuratu dute.
Zirkunstantziek partida baldintzatu dute giroari dagokionez. Ateak itxita jokatzea ez da inoren gustukoa, baina egoera onartu eta jokatu egin behar da, edozein modutan. Realak Mirandaren jantzia jantzi du, eta partida serioa egin du. Hori zen gaur behar zena. Ordu laurdena bete denean, Mikel Oyarzabalek sartutako penalti batekin aurreratu da Imanolen taldea. Aurretik, Willian Josek arriskuz ohartarazi du Eibar, gutxigatik kanpora joan den erremate gurutzatu batekin. Armaginek ez zuten Remiro gehiegi kezkatzen, baina epaileak penalti adierazi du beste esku batean, eta berdinketa lortzeko aukera ona izan dute. Orellanak gehienezko zigorra jaurti du, eta hor zegoen Remiro, jaurtiketa gelditzeko. Bikain, Alex. Reala abantailarekin joan da aldageletara.
Bigarren zatiak joko asko izan du zelai erdian, eta gutxi areetan. Donostiarrak eroso zeuden emaitzarekin, eta eibartarrek ez zuten erasoan min egiten. Reala gero eta baloi kontrol handiagoa edukitzen joan da eta eraso horietako batean Willian Josek abantaila handitu du Porturen asistentzia akrobatiko bat aprobetxatu ondoren. Denbora ia erantsian, eskuz egindako beste penalti batean (beste bat gehiago), Charlesek sartu du behin betiko banakoa.
Imanolen mutilak era guztietako partidetara moldatzen dira, argi utzi dutenez. Goian jarraitzen dute, eta sendo mantentzen dira. Iraun dezala. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
SD Eibar: Dmitrovic, Correa, Arbilla (kap), Bigas (Burgos, min.81), Cote, Sergio (Charles, min.66), Escalante (cap), Exposito, Inui, Orellana eta Kike García.
Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen, Zubeldia, Merino, Sangalli (Guevara, min.62), Oyarzabal (kap), Januzaj (Portu, min.67) eta Willian José (Isak, min.85).
Golak: 0-1: Oyarzabal (pen.), min.16. 0-2: Willian José, min.75. 1-2: Charles, min.90.
Epailea: Medié Jiménez.Txartel horiak etxeko Bigas, Cote eta Escalanterentzat eta kanpoko Zubeldia eta Januzajentzat.