Abantaila itzulerarakoRealak emaitza ona lortu du arratsalde honetan Herningen eta bat eta bi gailendu zaio FC Midtjyland-i. Norgehiagoka zaila izan da eta txuri-urdinak ondo mugitu dira. Hotzak eta zelaiaren egoerak ez zuten laguntzen, baina Imanolen mutilek aurrerapauso handia eman dute UEFA Europa Leagueko final-zortzirenetarako txartela lortzeko.
Norgehiagoka sustoarekin hasi da, izan ere, etxekoen lehen jokaldi arriskutsuan, Castillok zutoinera bidali du buruz alboko falta jaurtiketa baten errematea. Donostiarrek Braisi egindako penalti bat alde izan dute, erdilariak berak gauzatu duena. Danimarkarrek behin baino gehiagotan probatu dute Marrero, baina azpeitiarrak erantzun ona eman die urruneko jaurtiketei. Urrutitiko jaurtiketa bikaina, aldiz, Kuborena. Japoniarrak ezkerkada bat bidali du eskuadrara markagailuan zero-bikoa jartzeko. Atsedenaldia baino lehentxeago, Buksak ezkerretik egindako erdiraketa bat sareratu du markagailua estutzeko.
Bigarren zatian Imanolen mutilek kementsu egin dute salto eta gehiago menderatu dute norgehiagoka. Sergio Gomezen erdiraketa buruz kanpora bidali du Oskarssonek eta hirugarrena gertu egon zitekeela zirudien. Baina txuri-urdinak ez dira eraginkorrak izan eta etxeko taldea hazi egin da berdinketaren bila. Ez du asko iraun bultzada horrek, eta Realak hobeto kontrolatu du berriro lehia. Oyarzabalek, Braisek RCD Espanyolen aurka sartutako golaren antzeko aukera batean, ezin izan du baloia loratu atezainaren aurrean abagune argi batean. Danimarkarrek zertxobait estutu dute azken minutuetan geldikako jokaldiekin, baina Reala ondo defendatu da.
Garaipen honek hurrengo kanporaketara hurbiltzen ditu txuri-urdinak. Ostegunean izango da, Reale Arenan. We are Real.
Fitxa teknikoa:
FC Midtjylland: Lössl, Andersson (cap), Diao, Bech, Paulinho (Jensen, min.77), Daniel Silva, Castillo (Franculino, min.66), Sorensen (Biskov, min.81), Osorio, Simsir (Gogorza, min.66) eta Buksa.
Real Sociedad: Marrero, Aramburu, Aritz (cap), Pacheco (Aguerd, min.46), Balda (Javi López, min.24), Olasagasti (Zubimendi, min.46), Marín, Brais Méndez, Barrene (Sergio Gómez, min.46), Take eta Óskarsson.
Golak: 0-1: Brais Méndez (pen.), min.11. 0-2: Take, min.31. 1-2: Buksa, min.38.
Epailea: Grinfeeld (Israel). Txartel horiak etxeko Simsir eta Castillorentzat eta Balda, Brais Méndez, Aramburu eta Zubimendi kanpotarrentzat.