Hamaikarekin zaila bada, pentsa hamarrekin. Gaur Realak, gizon bat gutxiagorekin jokatuz bigarren zati osoa, aurpegia eman du eta Errege Kopako finalerdietara pasatzen den Barçari sustoa ematetik ez da urrun egon.
Reala ez da oso ondo sartu partidara, eta Barçak asko presionatu dio lehen minutu horietan. Pixkanaka sendotzen joan da eta Imanolen mutilek izan dute aukerarik onena. Marinen jokaldi on batek Kuboren jaurtiketa batekin amaitu du, baloia langan joaz. Realak sustoa sartu dio gorputzean etxekoei, baina atsedenaldia baino lehentxeago Braisek txartel gorria ikusi du Sergiori sarrera gogorra egiteagatik, eta kanporaketa, zaila bazen, ia ezinezkoa jarri da.
Bigarren zatia sufrimendu handiko lana izango zen, baina txuri-urdinek berdinketa lortzeko aukera paregabea izan dute. Sorlothek ez du asmatu gol-ahoan Kuboren erdiraketa bultzatzen. Barça, espero zen bezala, nagusi izan da eta, gol gehiago sartu ez arren, aukera asko izan ditu, Gaviren langa barne. Eta ia luzapenean, etxekoen akats baten ondoren, Navarrok eta Carlos Fernandezek ez dute asmatu beste aukera bikoitz on batean. Berdinketa hor egon da. Eta azken minutuan, Olasagastiren beste argi bat, atezainak salbatu duena.
Hemen amaitzen da Kopako parte-hartzea. Zozketak ez zuen lagundu eta txapelketa honetan hori funtsezko faktorea da. Baina gipuzkoarrek harrotasunez eta burua gora esan dute agur. Aurrera, Reala!
Fitxa teknikoa:
FC Barcelona: Ter Stegen, Koundé, Araujo, Christensen (Alonso, min.90), Balde (Rapinha, min.78), Sergio (kap), De Jong, Gavi, Pedri (Kessie, min.77), Dembelé (Ansu Fati, min.85) eta Lewandowsky.
Real Sociedad: Remiro, Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico (Aihen, min.46), Zubimendi, Brais Méndez, Marín (Olasagasti, min.78), Take (Navarro, min.78), Oyarzabal (kap) (Barrene, min.46) eta Sorloth (Carlos Fernández, min.87).
Gola: 1-0: Dembelé, min.52.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak etxeko Sergio eta Pedrirentzat eta Zubimendi kanpotarrarentzat. Txartel gorria atera dio Brais Mendezi 40.minutuan.