REAL SOCIEDAD 1-0 AZ ALKMAAR

Garaipen argia

Kostata, baina Europako garaipena iritsi da Reale Arenan. Hasieratik bukaerara nagusi izan den partida batean, Reala bat eta huts nagusitu da Porturen gol bakarrari esker. Imanolen mutilek askoz gehiago sartzeko aukera izan dute, baina bigarren zatiko gola nahikoa izan da hiru puntuak ziurtatzeko eta AZ Alkmaar eta SSC Napolirekin batera taldearen buruan jartzeko.

Lehen zatia ikusi duen edonork ezin du sinetsi Reala aldageletara gol egin gabe joan denik. Nagusitasuna erabatekoa izan da. Reala Holandako taldea baino gehiago izan da, baloi kontrolean, intentsitatean, gosez. Silvaren jaurtiketa bikoitza, kanariarraren burukada, Aritzen ezkerkada eta, batez ere, Monrealen erdiraketa bat, Portuk lurrera botata kanpora bidali duena izan dira aukera onenak. Mordoa. Sinestezina Reala aurretik ez izatea, baina markagailuak ez du mugimendurik erakutsi lehen zatian.
Bigarren zatian, gauza bera. Portuk jaurtiketa gurutzatu batean izan du, eta Modibok burukada batean. Ez zuen sartu nahi. Azkenean, Portuk sarea zulatu du, Oyarzabalek desbideratu duen Monrealen erdiraketa baten ostean. Golarekin pixka bat aurreratu dira holandarrak, ezer gutxi, eta Moya beldurtzeko aukeraren bat izan dute. Besterik ez. Realak ondo kontrolatu du neurketa, eta, errenta handitzerik izan ez duen arren, garaipen garrantzitsua lortu du hurrengo fasera igarotzeko asmotan.
Reala sei punturekin dago sailkapenean, AZ eta SSC Napolirekin berdinduta. Hiru partida geratzen dira eta ezpatak goi-goian daude. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Moyá, Aritz, Le Normand, Sagnan, Monreal, Guevara, Merino (Zubimendi, min.76), Silva, Oyarzabal (kap)(Barrenetxea, min.88), Portu (Januzaj, min.76) eta Isak (Willian José, min.62).

AZ Alkmaar: Bizot, Svensson, Hatzidiakos (Letschert, min.70), Koopmeiners (kap), Wijndal, Midtsjo, De Wit, Stengs, Karlsson (Druijf, min.62), Guomundsson (Evjen, min.62) eta Boadu (Aboukhlal, min.62).

Gola: 1-0: Portu, min.58

Epailea: John Beaton (Eskozia). Txartel horiak etxeko Silvarentzat eta kanpoko Guomundsson, Druijf eta Svenssonentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!