Realak balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Gironan Oyarzabalek atsedenaldiaren atarian sartutako gol bati esker. Imanolen taldeak, partida serio batean, azken asteetako sentsazio onak berretsi eta sailkapenean bultzatzen dituen garaipena lortu du.
Partida erritmo biziarekin hasi da, eta etxekoek erasora jo dute Danjumaren eskutik batez ere. Realak ondo gelditu du Gironako hasierako bultzada eta arrisku handiz hurbiltzen hasi da Gazzanigaren atera. Oskarssonek ez du asmatu Sergio Gomezen erdiraketa errematatzen eta islandiarrak, handik gutxira, gehiegi gurutzatu du baloia defentsa batek kamisetatik helduta zeramanean. Oyarzabalek ere bi aukera izan ditu, biak buruz, eta lehenengoa atezainaren eskuetara joan bada ere, bigarrenak sarea ikutu du. Barrenetxeak erdiraketa epela jarri du arearen bihotzean eta kapitainak, atzetik sartuta, aurretik jarri ditu txuri-urdinak atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatian Imanolen taldea ondo kokatuta egon da, Gironaren zain eta erasora azkar irtenda min egin nahian. Etxekoek bultza egin dute, azken txanpan batez ere, baina partida berdintzeko sentsazio handirik gabe. Aukera bakarra, Danjumarena, baina Remiro bikain egon da ezker oinarekin aurrelariaren errematea ateratzen.
Garaipena, sailkapenean jauzi bat emateko eta azken partidetako sentsazio onak berresteko. We are Real!
Fitxa teknikoa:
Girona FC: Gazzaniga, Francés (Min-Su Kin, min.73), David López, Krejci, Herrera, Van de Beek (Gabriel, min.59), Iván Martín, Arnau (kap), Gutiérrez, Danjuma eta Miovski (Stuani, min.59).
Real Sociedad: Remiro, Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Sergio Gómez, Zubimendi, Sučić, Brais Méndez (Turrientes, min.80), Barrene (Javi López, min.59), Oyarzabal (kap)(Becker, min.80) eta Óskarsson (Take, min.65).
Gola: 0-1: Oyarzabal, min.44.
Epailea: Soto Grado. Txartel horiak etxeko Arnau eta Herrerarentzat eta Brais Méndez kanpotarrarentzat.