Realak trabatuta jarraitzen du ligan. Hirugarren porrota jarraian jaso du gaur, Sadarren bi eta bat galdu ostean. Ligako azken partidetako filma, aurkariak bere abaguneekin asmatzen duenean eta gipuzkoarrek berea asmatzen ez dituztenean. Gaur Budimirren bi golek hotz utzi ditu txuri-urdinak.
Imanolen mutilek minutu onak izan dituzte partidaren hasieran, baina ezin izan dituzte erasoko aukerak zehaztu. Olasagastik ezin izan du argi eta garbi errematatu Oyarzabalen erdiraketa bat eta baloia area txikitik zeharkatu. Handik gutxira, aurpegian kolpe argia jasota, Barrene area barruan erori da, isuna merezi zezakeen jokaldian. Epaileak ez du ezer adierazi. Ordu erdia pasata, Budimirrek Remiro gainditu du behe-jaurtiketa gogor batekin.
Realak ondo ekin dio berriro neurketari, eta lehen zatian baino errazago iritsi da gora. Herrerak Kuboren bolea bat atera du eta atzealdeak Zubimendiren jaurtiketa arriskutsu bat uxatu du. Óskarssonek beste argi bat izan du, Sucicen pasearekin, baina islandiarraren bolea gora joan da. Eta asmatzen ez duzunean, ordaindu egiten duzu. Ia jarraian, alboko erdiraketa baten ostean, Budimirrek sare barrura bidali du baloia, gorritxoentzat partida poltsikoan sartzeko.
Ligako hirugarren porrota jarraian, txuri-urdinei Europako postuetara hurbiltzea eragozten diena. Ostegunean beste aurpegi bat eskaini beharko da Kopako finalerdietara pasatzeko.
Fitxa teknikoa:
CA Osasuna: Sergio Herrera, Areso, Boyomo, Catena, Juan Cruz (Moi Gómez, min.71), Moncayola, Torró (Muñoz, min.71), Aimar, Rubén García, Kike Barja (kap)(Bretones, min.57) eta Budimir.
Real Sociedad: Remiro, Aramburu, Zubeldia (Aritz, min.78), Aguerd, Javi López, Zubimendi, Olasagasti (Brais Méndez, min.66), Sucic, Barrene (Óskarsson, min.66), Take (Becker, min.78) eta Oyarzabal (kap)(Zakharyan, min.78).
Golak: 1-0: Budimir, min.34. 2-0: Budimir, min.74. 2-1: Óskarsson, min.94.
Epailea: Ortiz Arias. Txartel horiak etxeko Torró, Budimir eta Herrerarentzat eta Zubeldia, Olasagasti eta Sucic kanpotarrentzat.