Realak porrota jaso du San Mamesen, Sancetek lehen zatian sartutako gol baten ondorioz. Norgehiagoka parekatua izan da eta etxekoen alde erori da, partida hasieran erakutsi duten kemenari esker.
Etxekoak, ohi bezala, presio handia eginez hasi dira, txuri-urdinei eroso jokatzea eragotziz. Minutuak aurrera joan ahala, Reala gehiago jokatzen hasi da, baina ordu erdia baino lehen Sancetek buruz sartu du gola zurigorriak aurretik jartzeko. Erasoan lotsati samar ibili dira txuri-urdinak eta ezin izan dute Agirrezabala proban jarri.
Bigarren zatian Pradosek errenta handitzeko abagune ona izan du, baina bere jaurtiketa, erdira, Remirok gelditu du. Imanolen taldea nagusitzen hasi da, eta berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du, baina Zubimendik, lurrera botata, kanpora bidali du baloia, Sučićen zerbitzu baten ostean. Korner jaurtiketa batean, Oyarzabalek ezin izan du Sergio Gomezen zerbitzua ondo jo. Realaren minuturik onenak izaten ari ziren, baina denbora agortzen ari zen. Donostiarren azken bultzadak, tamalez, ez du eraginik izan.
Porrota San Mamesen. Txuri-urdinak ez dira azken denboraldietan Bilbon euren bertsiorik onena emateko gai izan. Hurrengoan izan beharko du. We are Real.
Fitxa teknikoa:
Athletic Club: Agirrezabala, De Marcos (kap), Vivian, Yeray, Yuri, Galarreta (Herrera, min.77), Prados (Jauregizar, min.60), Sancet (Unai Gómez, min.70), Williams (Berenguer, min.77), Nico eta Djalo (Guruzeta, min.60).
Real Sociedad: Remiro, Aramburu (Aritz, min.84), Zubeldia, Aguerd, Javi López (Aihen, min.74), Zubimendi, Sučić, Sergio Gómez, Barrene (Becker, min.60), Take (Brais Méndez, min.60) eta Oyarzabal (kap).
Gola: 1-0: Sancet, min.26.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horia etxeko Prados, Galarreta eta Yurirentzat eta Zubeldia, Javi López, Aguerd eta Sučić kanpotarrentzat.