REAL SOCIEDAD 0-4 REAL BETIS

Tragu txarra

Vídeo

Reala Errege Kopatik kanpo geratu da. Betisen aurka galdu dute txuri-urdinek, andaluziarrek oso partida fidagarria eta eraginkorra jokatu baitute. Juanmi eta Willian Joseren golek kanpoan utzi dute Reala.

Partida parekatua espero zen, benetakoa. Zuriberdeek hobeto ekin diote neurketari, baloia zertxobait gehiago edukita, eta hamabigarren minutuan aurreratu dira Juanmiren golari esker. Lehen aukera eta gola. Realaren erantzuna Oyarzabalek area kanpotik egindako jaurtiketa batean etorri da, Rui Silvak kornerrera bidali duena. Etxekoei kosta egin zaie partiduan sartzea, andaluziarrek oso ondo presionatu baitute etxekoen baloiaren irteera, baina minutuek aurrera egin ahala gehiagora joan dira. Handik ordu erdira, korner batean, Le Normandek burukada zutoinera bidali du. Reala berdinketa merezi izaten hasi da. Lortu du, baina VARak baliogabetu du milimetroko jokoz kanpo batengatik. Atsedenaldiaren atarian, Remirok huts eta bikoa salbatu du, Fekirren jaurtiketa aterata.

Bigarren zatia hasi bezain laster Realak aukera ezin hobea izan du. Isakek dena zuen alde gola sartzeko, baina Rui Silvak erremate txarra atera dio atepetik. Eta esaerak dioen bezala, barkatzen duenak ordaintzen du azkenean, eta hala izan da. Juanmik gola egin du eta partida guztiz Aldapa gora ipini da. Azken minutuetan Willian Josek eta Ruibalek beste gol pare bat egin dituzte partida amaitzeko. Portuk, azken unean, zutoinera bidali du baloia.

Porrota eta kalera, lastima. Orain Liga eta Europa Leagueari begira. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen, Guevara (Zubimendi, min.46), Merino, Silva (Rafael, min.73), Oyarzabal (cap), Januzaj (Sorloth, min.73) eta Isak (Portu, min.83).

Real Betis Balompié: Rui Silva, Sabaly, Bartra, Víctor Ruiz, Álex Moreno, Edgar, William, Canales (Joaquin, min.88), Fekir (Rodri, min.88), Juanmi (Aitor Ruibal, min.77) eta Borja Iglesias (Willian José, min.66).

Golak: 0-1: Juanmi, min.12. 0-2: Juanmi, min.57. 0-3: Willian José (pen.), min.83. 0-4: Ruibal, min.87)

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horia etxako Zalduarentzat eta Bartra kanpotarrarentzat.

Asistentzia: 29.326 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!